miércoles, 22 de octubre de 2014

Entrevista en Aiurri a Klaudio y a mi (9/2014)



330 kilometroko luzera eta 24.000 metro igoeratan. Ezaugarri horiek ditu Aosta bailaran (Italiako Alpeak) ospatzen den Tor des Geants mendi lasterketak. Klaudio Rezola andoaindarrak eta Txomin Isuntza asteasuarrak hartu dute parte proba beldurgarri horretan. Biak iritsi ziren helmugara, eta fisikoki baino gehiago psikologikoki prestatuta joan behar dela ziurtatu dute.
Elkarrizketa osoa:
Eman itzazue lasterketan osatutako datu pertsonalak, lehenengo eta behin...
Klaudio Rezola: 800 bat korrikalari irten ginen, eta 150 orduko epea jarri ziguten. Nik 117:48:39ko denboran egin nituen 330 kilometroak, 102. sailkatuaz. Igandean eguerdiko 10:00etan abiatu eta ostiral goizaldean iritsi nintzen helmugara.
Txomin Isuntza: 100:29:26ko denbora izan zen nirea. 39. postuan, ostegun eguerdian iritsi nintzen.

Zer dauka lasterketa honek berezitik?
T.I.: Ez du zerikusirik formato ezberdinetan egiten diren lasterketekin. Ez mendi maratoiekin, ezta ehun milakoekin. Hau ez da batere lasterketa konbentzionala. Munduko lasterketa guztiek daukate bere xarma, baina gutxik honek bezain paraje zoragarriak lasterketa bat antolatzeko. Oso polita da Aosta bailara. Frantzia aldeko Chamonix baino berdeagoa da eta ez horren populatua. Azken batean, non daukazu 4000 metroko gailurrak bistan dituzula korrika egiteko aukera?

Zenbat alditan esan dizute jota zaudetela burutik?
K.R.: Etzazula pentsa! Jada ezagutzen gaituzte, ingurukoak ohitu ditugu zenbaki handietako lasterketetara. Errespetatzen gaituzte, gozatu egiten dugula badakitelako.  

Zer da gehiago, lasterketa ala abentura?
T.I.: Abenturatzat joko nuke nik gehiago. Kiroletik gaindi dagoen zerbait. Erronka pertsonal gisa hartu behar duzu proba; zeure buruari, kapaz zarela frogatzea. Ez zoaz postua lortzera, gozatzeko asmoarekin baizik. Sufrimendua bada, baina nahiago nuke halakoak balira bizitzako sufrimendu guztiak!

Gorputzaldiak ala psikologiak dauka garrantzia handiagoa?
T.I.: Psikologiak, zalantzarik gabe! Nahiko entrenatu baduzu aurrez, eta oinek, belaunek, azal urratuek..., errespetatzen badizute, bidean aurrera egingo duzu. Izan ere, baba alu batek dena pikutara bidal dezake karrera, nahiz eta gorputza primeran eduki. Gogorragoa da buruaren prestakuntza. Askotan zure gogoak alde batetik eta buruak bestetik esaten dizutenak ez baitute bat egiten...
Zenbat prestatu duzue gorputza hara joateko?
K.R.: Nik ez dut prestakuntza berezirik egin. Astean behin atera naiz 50 bat kilometroko saioa egiteko mendian gora eta mendian behera korrika.
T.I.: Nik astean bospasei entrenamendu egin ditut. Bizikleta eta lasterketa, biak bateragarri egiten ditut. Egia esan, bikotea eta seme-alabak dauzkagunok, beti ibili behar izaten dugu tartetxo librea noiz topatuko, familiari lapurtzen berari dedikatu beharreko denbora... Goizean goiz, gauetan... Horrelako dinamikan sartzen garenok, esker oneko behar dugu egon familiarekin, agertzen duen eskuzabaltasun eta tolerantziagatik.
P { margin-bottom: 0.21cm; }
Nola prestatzen da maila honetako proba bat?
K.R.: Mentalizatuta joan behar duzu; alegia, oso-oso luzea dela bidea, eta erritmo konstante bat hartu behar duzula, lehertuko zarela bestela. Ez da erraza, baina burua hotz eduki behar duzu, eta euforiak alde batera utzi. Izan ere, iruditzen zaizu oso airoso zoazela eta bizkorrago joan zaitezkeela.
T.I. Hasi eta aurreneko aldapan jada, arnas estuka sumatu nuen korrikalari bat ondoan. “Txo, gaizki zoaz” pentsatu nuen nirekiko. Aurreneko gau horretan ere, bat baino gehiago bazterrean eserita geratu zen, buruari helduta. Beharbada, antolaketak egoera penagarri horiek sahiestu zitzakeen, izena ematerako orduan gutxieneko kurrikulum bat eskatuz parte hartu nahi dutenei.
Horrenbesteko distantzia aurretik edukita, ez zinaten korrika hasiko, ala?
T.I.: Bai! Aurreneko bi kilometroak bai! Izan ere, estu eta banaka joan beharreko igoera latza dator berehala, eta posizioa hartzea komeni izaten da aurrez.
Zenbat egin duzue korrika, zenbat oinez?
T.I.: Hori bakoitzaren arabera doa, baina orohar, nik behintzat etxetik neraman araua bete nuen: aldapan gora oinez, aldapan behera eta zelaietan trote edo korrika txikian. 1.500 metrotik gora doa lasterketa ia beti, eta harritzarra nonahi topatzen duzu. Harriz harri zoaz maiz, teknikoa da ibilbidea, eta abaila handirik hartzeko modurik ez dago horrela, nahiz eta bestelakoa izan zure gogoa.
K.R.: Atze-atzean doazen horiek kenduta, gehienok trotean aritu ginela esango nuke. Noski, erditik aurrera hasten dira hanketako babak, tendinitisak, belauneko minak, gorputz-nekeak..., eta gauzak horrela, ahal duenak ahal duena egiten du.
Soinean zeneramaten materiala sarri aldatu beharko zenuten hainbeste orduko ibilbidean...
K.R.: Ni oinetako bakarraekin aritu naiz. Hori bai, galtzerdi mordoa erabili dut. Bat, 50 kilometroro zegoen aterpe bakoitzeko. Kamisetak berriz, bost bat. Manga motzekoak egunez, luzekoak gauez.
T.I.: Nik bi oinetako pare. Galtzerdiak, oinarrizko aterpera heldu orduro aldatzen nituen nik ere.
K.R.: Argitu behar da antolatzaileek derrigortzen dizutela motxila bat zerorrek eramatea premiazko den materialarekin (gaueko jantzia, linterna, telefonoa..). Eta aparte, aukera ematen dizute beraiek kontrol-postuetatik postuetara eramango dituzten motxila batean, kabitzen zaizuna sartzeko (elikadura, erropa...).
Zenbat lo egin duzue egun horietan?
K.R.: Bost ordu; azkeneko gauean hiru segidan egin behar izan nituen, bronkitisa harrapatu nuelako.
T.I. Nik bederatzi. Gorputzak zenbat iraun dezake lorik egin gabe? Horixe zen Italiara joan aurretik neukan zalantza nagusia. Ez nuen halako disntantziako probarik bizitu inoiz, eta gorputzak nola erantzungo duen da inkognitarik handiena. Goierriko Ehun milak lasterketan edo eta bi gauetan luzatu ohi den Alpeetako beste lasterketa batean parte hartuta nengoen, baina hori eta jarraian egiten dira, hasi eta buka. Eskarmentua zeukaten Klaudiori eta beste korrikalariei egin nien kontsulta...
Ordu gutxi egin dituzue, hainbeste egunetan. Non dago sekretua zutik irauteko?
K.R.: Gorputza engainatzea! Izan ere, maiz gutxietsi egiten baitugu geure buruak dauzkan gaitasunak. Noski logurea sortzen zaizula bidean! Baina ordu erdi edo ordubeteko lo-kuluxkarekin nahikoa izaten da. Burua freskatu, eta gorputza zein hankak berriro ekiteko jartzen zaizkizu. Buruko txipa aldatzen zaizu nolabait esatearren, eta berriz ere motibatua sentitzen zara.
T.I.: Egia da Klaudiok adierazi duena. Oso-oso ondo antolatu behar duzu loarena, ez baita txantxa. Batetik, marka ona eginez amaitu nahi duzu proba, ahalik eta denbora gutxien eginez geldi egonean. Baina bestalde, burua, bere aldetik doan makinaria da askotan.
Izan ere, gorputzak edozein unetan eskatu diezakezu geratzeko, zure borondatearen aurka. Niri, esate batera, 240. kilometroan nindoala benetan sentitu nuen logure kolpea. Lau ordu besterik ez neraman azkeneko atseden unetik, baina nekeak ez zidan jarraitzen uzten. Gaua zen, hego haizea bete-betean. Inguruan ez nuen aterperik ikusten, eta arkaitz batean etzan nintzen. Iratzargailua jarri, eta nahikoak izan nituen hogei minutu, berriro bideari ekiteko.
Ordu asko dira bakar-bakarrik... Nola moldatzen da bat haserretu gabe norberarekin?
T.I.: Itxura batean, edozertaz pentsatzeko denbora soberan daukazula ematen du. Baina ez da hala. Burua lasterketan daramazu ia gehienetan, mentalizatuza zoaz. Burua zuri-zuri baino, zentratuta doa, arreta jartzen duzu oinek zer zapaldu zer ez. Ia unero helburu txikiak jartzen dizkiozu zure buruari, eta horretara jartzen zara buru belarri: hurrengo aterpe, kontrol edo hornitze-postuetan amaitzen zaizu erronkarik gertuena.
Erretiratzea burutik pasatzen ahal da inoiz?
T.I.: Une kritiko bat eroriko bat eduki nuenean bizitu nuen, lasterketaren erdialdean. Hankean mina hartu, eta erren besterik ezin ibili! Blokeatuta geratu nintzen. Eskerrak nirekin lasterketan zihoan kanariar baten aita, fisioterapeuta zena, egokitu zela inguruan! Igurtzi eta masaje batzuk eman zizkidan, eta lortu zidan hanka solte jartzea. Helmugan, berari esker iritsi nintzela aitortu nion.
K.R.: Gauetan une tristeak bizitzen dira, bakartasunean zoazelako eta igual nguruan ez duzulako zure frontaleko argia besterik sumatzen.... Nik sekula ez nuen pentsattu erretiratzea. Unerik gogorrena, akaso, euria eta kaskabarra etengabe ari zen txanda batean izan zen. Aterpe batean nengoen. Neure artean, “zopa beroa hartu eta gero, nora hoa?” Ahultasun unea izan zen, baina buruari gogor egin eta berriz heldu nion bideari. Kaskagorra naizela diote nire ingurukoek, eta arrazoi izango dute!
Bidean gozatzeko unerik izan al duzue?
T.I. Izugarri, pila! Erritmo motelean zoaz lasterketan, eta denbora ematen dizu paisaiaz gozatzeko eta tarteka argazkiak ateratzeko. Gainean telefono mugikorra eramatera derrigortuta gaude zer gerta ere lokalizatuta egoteko, eta harekin, argazki mordoa atera nuen. Alpeetan ibiltzeko aukera ez baitzaizu sortzen!
K.R.: Nik gehiago gozatu nuen aurreko txandan, orain hiru urte parte hartu nuenean. Dena berria, dena ezustekoa egin baitzitzaidan begietara. Oraingoan ere antzera ibili naiz, gustura, baina ez dut ordukoaren inpresioa jaso.
Hala ere, norberak erabaki dezate noraino gozatu nahi duen, noraino ez. Nik, egia esan, ahal nuen guztietan geratzen nintzen hizketan kontroletako mahaikidekin. Italiera eta gaztelania nahastuz, hitz aspertu politak egin ditugu, eta horrek esate batera, ibilbidea aberastu diezazuke nire ustez.
T.I.: Niri gauza kuriosoa, esanguratsua gertatu zitzaidan. Korrika eta gozatzen aldi berean nindoala, halako batean, ikusle zen lagyn kataluniar batek hor egiten dit oihu esanez oso popstu onean noala, 17. garren noala eta joateko bizkor! Akabo nire gozamena! Hortik aurrera, eta kilometro mordoska batean, denetik gertatu zitzaidan bidean, dena zoritxarreko: bi erorketa, bidetik irten eta galdu, hankak egosi.... Berriro zentratu nintzen arte, nire buruari esan nionean gozatzeko nengoela, eta ez bestetarako; uzteko postuak eta lehiak!
Telefonoa gainean, komunikatuta ibili zarete beraz...
K.R.: Telefono zaharrak eraman ditugu, oraingo modernoek baino bateria iraunkorragoak baitituzte! Nik behin bakarrik erabili nuen, bronkioetatik gaixotu nintzen hartan. Aterpean geratuko nintzela antolatzaileei adierazteko erabili nuen.
T.I.: Nik familiarekin jardun nuen behin edo behin. Hala ere, familiak zein lagun eta kideek online jarraitu zuten lasterketa. Uneroro zekiten non genbiltzan; ordenagailua piztu eta sarera konektatuz gero, azkenekoz zein kontrol-gunetik pasa ginen jakiteko aukera zeukaten. Egia esan, harrigarria da zenbateko segimendua egin diguten. Goizean jeiki orduko edo eta gauean oheratu aurretik, gure ingurukoek zintzo egin duten gauza, gu nondik genbiltzan jakitea izan da.
Argi dagoena da lasterketa honek, bere luzeragatik edo, beste edozein probek eragiten ez duten harridura eta ikusmina eragiten duela jende arruntarengan.
K.R.: Egun batean estaldurarik gabe ibili nintzen ordu mordo batean. Bada berreskuratu nuenean, 150 bat mezu neuzkan pilatuta, irakurtzeko!
Korrikalariei gomendatuko al zenieke proba hau?
T.I.: Mendiko lasterketetan, jatorri ezberdineko korrikalariak dabiltza egun: mendizaletasunetik datozenak eta asfaltotik datozenak. Aurrenekoei bai gomendatuko niekela, primeran pasako dutelako, baldin eta ibilbide luzekoetan ohitu badira. Asfaltokoei, aldiz, kontuz esango nieke. Ondo pentsa dezatela. Ez da nahikoa maratoia egin izana lauan.
Munduan ba al da distantzia handiagorik duen lasterketarik?
T.I.: Alemanian ba omen da 660 kilometro dituena. Baina 18 mila metroko igoera besterik ez dauka. Korrikalariegientzat pentsatutakoa. Aukeran, nik nahiago menditsuagoa dena, gogorragoa!
Badirudi zenbat eta astakeria handiagoa izan, hobe dela zuentzat. Esaterako, lasterketa bat Hondarribitik Mediterraniora doan Pirinioetako G11n zehar antolatuko balitz...
K.R.: Bai polita izango lizatekeela! Animatuko ginateke beharbada.
T.I. Kilian Jornetek eta besteren bat osatu dute jada lasterka. Ziur izan baten baten pentsamenduan dabilela ideia hori. Inork antolatzekotan, marka komertzial handi batek hartu beharko luke... 
 ****************************************************
Hemen daukazue Aiurriko orrira link-a / Aqui os dejo el link a la pagina de Aiurri:


Mila mila esker

No hay comentarios:

Publicar un comentario